Eredu energetiko berri baten alde egiteko arrazoi asko dauzkagu. Etekin ekonomikoen gainetik natura lehenetsiko duen eredu bat behar dugu, denon artean eraikiko dugun eredu bat; eta ez multinazional erraldoientzat soilik den eredu bat (Iberdrola eta Endesa, esaterako).
Multinazional erraldoi hauek etekin ekonomiko handienak eskaintzen dizkieten ereduen alde egiten dute apustu, gizartean eragin ditzaketen kalteei erreparatu gabe. Adibide garbi bat Garoñako zentral nuklearraren kasua dugu: Gobernu eta enpresen arteko harremana estu eta gozoa izan da, nahiz eta segurtasun aldetik zeuden hutsuneen jakitun ziren. Euren azken proposamena, hondakin nuklearren biltegi bat sortzea izan da.
Energia berriztagarrien alde egitea, zaharkitutako ereduen aurka egitea da, Garoña ixtearen alde egitea da; nazioarteko agentzien arabera, euren segurtasun ereduak desegokiak dira, Ebro ibaian aberastasun handiko gunean kokatuta dagoelako eta istripu nuklear batek hondamena ekarriko lukeelako; hondakin depositua ia gainezka daukatelako eta, batez ere, energia nuklearraren produkzioak ingurunea apurtzen duelako.
Azken urteetan hamaika deklarazio, manifestazio eta ekintza desberdin burutu dira. Beste urrats bat emateko garaia da: Iberdrola eta Endesa moduko enpresetan bajan emateko ordua da. Bost axola zaie segurtasuna. Bost inporta herritarrak arriskuan jartzea. Txernobil eta Fukushima-n ikasitakoez ez dute ezer jakin nahi.
Bide bakarra gelditzen da: ezin diegu euro bakar bat gehiago ordaindu Euskal Herria eta Ebro guztia arriskuan jartzeko inongo lotsarik ez duten horiei.
Ez pentsatu gehiago. Energia berriztagarrien alde egin eta suministratzaile EZ NUKLEAR bat kontrata ezazu; gizarte eredu berri baten alde egin ezazu; norbanako bakoitzaren aportazioak indartsuago egiten gaitu. Energia garbien kontsumoak multinazional handien expolioari bidea ixten die.
LARRABETZUKO UDALAK LEHEN URRATSA EMAN DU. HERRI EREDU BERRI BATETARAKO BESTE PAUSO BAT. LARRABETZUN SINESTEN DUGU. MEREZI DUGU.